Glaziarren atzeraldia 1850etik aurrera

1850eko hamarkadaz geroztik emandako glaziarren atzerakada ondo dokumentatuta dago eta klima aldaketaren ondorio da. Hamarkada horretan Izotz Aro Txikia izeneko etapa klimatiko hotza amaitu zen eta gero eta abiadura handiagoarekin aurrera doan klimaren berotze globala hasi zen, giza jardueraren ondorioz, batik bat. Atzerakada hori klima aldaketaren froga eztabaidaezin bihurtu da.

Lurreko historian zehar tenperatura hotz eta beroagoko zikloak eman dira eta, beraz, glaziarrek aurrera eta atzera egin dute, baina azken bi mendeotan giza jarduerak fenomeno hau izugarri azkartu du.

Urte guzti horietan zehar glaziarren atzerakada latitude ertain eta baxuko mendietan izan da nabariena (oso galera handiak izan baitituzte). Dena den, balantze globalean, Groenlandia eta Antartikako izotz geruza edo inlandsis-etan dago munduko ia izotz guztia eta eskualde horietan 1990eko hamarkadatik aurrera bizkortu da galera, mundu osoan itsas mailaren igoera eraginez.

Itsas mailaren igoeraz gain, atzerakada honek ekosistema askoren galera eragin dezake eta ur hornidura kolokan jarri eskualde askotan, glaziarrek ibaiak elikatzen dituzten urtegi natural gisa funtzionatzen baitute[1].

  1. (Ingelesez) Lee, Ethan; Carrivick, Jonathan L.; Quincey, Duncan J.; Cook, Simon J.; James, William H. M.; Brown, Lee E.. (2021-12-20). «Accelerated mass loss of Himalayan glaciers since the Little Ice Age» Scientific Reports 11 (1)  doi:10.1038/s41598-021-03805-8. ISSN 2045-2322. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search